XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Uste da, hein batetan behintzat, husgune gehiegi horiek antolakuntzaren mailakoak direla.

Nagusiki, kausa bi hauei zor zaie: jende kopuru handiegia eta jardunaldion txandakatze berezitasuna: urte oro hiri ezberdinean egin ohi direnez, berauen ekipo antolatzailea ere desberdina gertatzen da.

Arazo honek leku jakin batetan finkatzera garamatza, baina inkestatu 787 lagunetarik 612 ez dira txandakatze posibilitatearen aldeko azaltzen.

Jardunaldion masa-kopuruaren arazoari buruz, ADARRA beste puntu bat ere planteatu beharrean aurkitzen da: zenbait aldakuntzaren premia, ez bakarrik antolakuntzaren aldetik, baita Jardunaldien enfokearen aldetik ere.

Are gehiago zehaztu behar ditugu helburuak eta hauen arabera moldatu geure eginbide guztia.

Zeren ADARRA Elkartearen ekintza ez bait da Euskadiko Pedagogi Jardunaldietara soilki mugatzen.

Hauek gerta daitezke, bai, kanpoko ekintza ikusgarri nahiz deigarri bat.

Baina ADARRAk urte guztian zehar dihardu.

Lau urteren ondotik, gero eta ahalegin biziagoz ari gara esaten, ez dela oraino Euskadiren barne egiazko mugimendu pedagogikorik eraiki, eta haren behar nagusia aldarrikatzen.

Eskola eta irakaskuntza sakonetik ukituko duen mugimendua behar dugu, ez irakaskeria delako ekintza soila: ez gabiltza soilki metodo hobeagoen bila, gero aurpegia garbituxeago baizik izan ez dezakeen edukinik gabeko eskola egiten.

Metodoz aldatzeak, beste gabe, ez du eskola-beraren aldakuntza suposatzen.

Horregatik, derrigorrezko dugu mugimendu pedagogiko serios eta sakona, ADARRA bila dabilena.

Izatez, bada jadanik ADARRA elkartearen barne eta ADARRA gero eta gehiago aurkitzen ari da mugimendu pedagogiko honetaz egiazki axolaturik dagoen jendea.

Baina guztiz beharrezko zaigu, egun, oraino ez dugun oinarri zientifikoa, eta pentsamendu propioa, bidea argi diezagun eta urratsak emankor egin.

Mugimendu pedagogiko honek, bada, irakaskintzaren maila eta eremu guztiak bere barnean behar ditu hartu.

Agian ikastola munduan hoztasun kezkagarri bat ari da zabaltzen, eta soldata baten trukean ilusio gehiegi gabe saripeko jendea ugaltzen.

Estatal zentruetan beste bide batetik heldu da erresistentzia, egun oroko lan modua eta haren arrazoiak kritikatzerik nahi ez dutenen aldetik.

Irakaskintza pribatuaren sektorean, azken aldi honetan ematen ari den ideologizazioa bitarteko, ADARRAri eta bere Jardunaldioi susmo handienez begiratzen dien jendea hainbat ikastetxe erlijiosoetan gertatzen da.

Ingurumundu honetan, beraz, ari da lanean ADARRA bere helburu propioak zehaztu ezinik.

Euskadiko Pedagogi Jardunaldiak behar dira aztertu eta azterketa honetan nahitaez presente egon behar du mugimendu pedagogikoaren gaiak.

Hori jakinik, berau izanen da punturik nagusienetarikoa ikasturte honetan zehar.